XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EUSKAL HERRIKO ZERUAN Gaur arratsaldean ilargi eklipse osoa ikusiko.

Fenomenoaren faserik ilunena 19,49etan hasiko da.

Gaur arratsaldean ilargi eklipse osoa gertatuko da, ia hiru ordu laurdenez fase osoa, Euskal Herritik ikusgai izango delarik.

Jakina denez, ilargi eklipsea Eguzkiaren eta ilargiaren artean Lurra kokatzen denean gertatzen da, gure satelite natural bakarra Lurrak espazioan proiektatutako itzal konotik pasatzen denean, hain zuzen.

Gertatzeko zorian den fenomenoaren fase totalak arratsaldeko 19,49ean hasi eta 20,33ak arte iraungo du.

Beraz, ia hiru ordu laurdenez ilargi betea disko okre eta ilun bilakaturik ikusiko da.

Haatik, eklipsearen fase osoaren aurretik, 18,29tik aurrera, itzalak ilargiaz nola jabetzen diren ikusi ahal izango da, ez bait da, noski, fase osoa bapatean hasten.

20,33etan, fase osoa bukatu bezain aguro gure satelitea pixkanaka ohi duen edertasun eta argitasun osora nola bueltatzen den ikusiko da.

Ilargi eklipsea primeran ikus daiteke begi hutsez.

Dena den, prismatikorik edo teleskopiorik erabiltzeko aukera izanez gero, zehaztasun handiagoz segi daiteke itzalak ilargiaren esferan zehar eginiko bidea.

Lurraren eguratsaren eta eguzki aktibitatearen arabera, ilargi eklipsean distira ezberdina izaten da, baina gertatu aurretik ez dago eklipsea argitsua ala iluna izango den jakiterik.

Eklipserik ilunenetan ilargi marroi-ilun misteriotsuan murgildurik azaltzen da, baina ez da inolaz ere beltz beltzean desagertzen.

Euskal Herritik ikusi ahal izan zen azken ilargi eklipse osoa iazko abuztuaren 17an gertatu zen, baina ordukoa goizerdiko 4ak aldera eta gau hodeitsu batean gertatu zenez, gaurko eklipsea askoz ere herritarragoa izango da...... zerua oskarbi badago, noski.